Gazte eta nerabeekin adikzioen prebentziorako tresnak

Gazte eta nerabeekin adikzioen prebentziorako tresnak. Herramientas para la prevención de adicciones con las personas jóvenes y adolescentes - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Nola landu dezakegu adikzioen gaia gazte eta nerabeekin? Zein dira arlo honen baitan dauden esku-hartzeko tresnak? Galdera hauei erantzuteko asmoz, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, “Gazte eta nerabeekin adikzioen prebentziorako tresnak” jardunaldia antolatu dugu Euskalduna Jauregiko 5A-Sala B3 aretoan abenduaren 19an. Eman izena hemen!

Ekitaldi honen bitartez gai honi buruz dagoen informazioa gizarteratu eta astialdiko taldeen eskura jarri nahi dira, baita adikzioen prebentzioan diharduten espazio eta entitateei ikusgarritasuna ematea ere. Ildo horretan, oso garrantzitsua da nerabe eta gazteekin lanean diharduten begirale eta hezitzaile gazteak sentsibilizatzea eta, honekin batera, praktika egokien inguruan informatzea. Modu honetan, egunerokoari begira jarri eta prebentziorako dauden tresnak eta materialak lehen eskutik ezagututa, taldeek gazteekin eta nerabeekin jarduteko bideak eta aukerak azter ditzakete.

Jardunaldiko egitaraua

Egun osoko jardunaldi honetan astialdiko taldeekin elkarlanean aritzea da asmoa. Lehenik, zenbait ponentzia eta hitzartzeren bitartez diagnosia egingo dugu, baita egun dauden proiektuen eta tresnen aurkezpena. Horretarako, Osasun publikoko eta adikzioetako zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza, osasun saila) osatutako mahai-ingurua prestatu dugu. Ostean, elkarteen lana aurkezteko, Etorkintza, Fundación Gizakia, Ortzadar eta Ai Laket izango ditugu euren proiektuen esposizioa egiteko.

Azkenik, taldeen errealitateetara joko dugu talde dinamiken bitartez maila praktikoan nola aplikatu aztertzeko. Ariketa dinamikoen bidez goizean ateratako ideia eta jasotako baliabide sortetatik abiatuta, informazio eta material guzti hori praktikara nola eraman hausnartu eta partekatuko dugu. Erronkak identifikatzen saiatuko gara hiru galdera nagusiri erantzunez: Nola garatu? Non garatu? Norekin garatu? Atal honetan elkarteen aukera eta zailtasunetan zentratuko gara lanketa hori egin eta partekatzeko: aurrera begira, baliagarriak izan daitezkeen urratsetan sakonduz zein etorkizuneko erronkak identifikatuz eta hauei erreparatuz.

Jarraian duzu ordutegia xehetasun guztiekin:

  • 9:30 Ekitaldi irekiera: harrera eta ongi etorria
  • 10:00-14:00 I. BLOKEA: alde teorikoa eta ponentziak. Gaitegitik abiatuta, bi mahai zentraletan banatuko da
    • 10:00-11:00 Abiapuntua: Egoeraren analisia. Osasun publikoko eta adikzioetako zuzendaritza (Eusko Jaurlaritza, osasun saila)
    • 11:30-14:00 Elkarte eta entitateen lanaren aurkezpena, proiektuen eta tresnen esposizioa. Ai Laket, Etorkintza, Fundación Gizakia, Ortzadar
  • 16:00-18:00 II. BLOKEA: Teoriatik praktikara: talde dinamikak.

Prebentziorako tresnak aurkeztuta zein gazte eta nerabeekin lanean ari diren eragileekin eta hauen errealitatearekin kontrastatuta, adikzioen gaia lantzeko bideak jorratu nahi ditugu parez pare dauden erronkei ahalik eta erantzun egokiena emateko. Interesa izanez gero, eman izena hemen!

Jardunaldiari buruz gehiago jakin nahi baduzu edo inolako zalantzarik izanez gero, idatz iezaguzu hezkuntza@egk.eus helbidera edo deitu 944436143/688737133 (Irati) zenbakira.

Sarrera iruzkindu