Astialdiko begirale, zuzendari eta dinamizatzaile ikastaroak martxan

Astialdiko begirale, zuzendari edo dinamizatzaile izan nahi duzu?
  • Egungo egoerak eskatzen dituen neurri zein protokoloak aintzat hartuta izango dira
  • Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako astialdi eskola eta federazioek beraien formakuntzarako eskaintza abiarazi dute.

COVID-19ak sortutako krisia multisektoriala izan da eta gogor jo ditu astialdi talde, elkarte eta federazioak. Hala ere, horri aurre egin eta begirale, zuzendari eta dinamizatzaile ikastaroak antolatu ahal izan dituzte. Ez da erraza izan eta Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) azken hilabeteetan egindako lana eta egoerara moldatzeko esfortzua azpimarratu nahi ditugu.

Zalantza mordotako asteak izan dira, maiz noraezean zeudela sentituz eta sortutako arazo guztiei aurre egiteko makina bat buruhauste bizi izan dituzte. Ohiko kronograma errotik aldatu behar izan dute, urteetan egindako lana bat-batean ez zen baliagarria eta sarritan ia hutsetik hastea bezala izan da. Eta ez da batere erraza izan ezjakintasun horrekin lanean aritzea: ikastaroak egitea posible izango zen, prestatutakoa osasun eta segurtasun neurriekin uztartzerik egongo zen, aldaketarik egin beharko zen eta nolakoak, etab.

Hilabeteetako lan zaila

EGKtik koordinatutako hiru lurraldeetako Astialdi Foroen bitartez hainbat elkarteren egunerokoa gertutik jarraitu dugu urte osoan zehar eta martxoan pandemiaren agerraldiarekin harreman hori estutzen saiatu gara: galderak batu, administrazioarekin zubi-lana egin, erantzunak lortzen lagundu, aholkularitza eskaini, etab. Horregatik esan dezakegu egoera zailari tamainan erantzun diotela, ardura eta erantzukizunetik. Une oro segurtasun eta osasun baldintzak bermatuz.

Alarma egoera amaitu zenetik ildo beretik jarraitu dute eta egindako esfortzua ez da txikiagoa izan. Emaitzak, nola ez, paregabeak izan dira eta errekonozimendua merezi dute uste dugu. Itzalpeko lana izaten da askotan. Horregatik, hauei buruzko informazioa pilatu dugu Bizkaian, Gipuzkoan zein Araban. Hauei buruz gehiago jakin nahi baduzu jarri gurekin harremanetan eta idatzi hezkuntza@egk.eus helbidera edo deitu 944436143 / 688737133 (Irati) telefonora.

EGKtik, aholkularitza

Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) formakuntza ikastaroak EAEko eskoletan egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Izan ere, hauek, gure errealitatera egokitutako gaitasunak eta tresnak bereganatzeko aukera ematen duten ikastaroak dira eta euskararen sustapenarekin harreman estua dute.

Gainera, duten eskaintza zabalari esker, norbere beharrizan eta erritmora egokitzen diren ikastaroak aurkitzeko aukera dago. Honakoak dira aurkitu daitezkeen modalitate anitzak: lurraldearen araberakoak, astean zehar edo asteburuetan egiten direnak, goizeko edo arratsaldeko ordutegia dutenak, trinkoak edo estentsiboak direnak eta, urte batean edo bi urtetan zehar atera daitezkeenak. Guztiak Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulazioak dira.

Sarrera iruzkindu