ASTIALDIA ASTINDUZ!

ASTIALDIA ASTINDUZ!

Gaztezulo aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua (2014ko uztaila, 153.zenbakia)

Zer gertatuko litzateke uda honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako boluntario gazteek udako ekintzarik antolatuko ez balute? Ba 10.000 haur eta gazte baino gehiagok balio erantsia duten kanpaleku, udaleku, auzolandegi zein elkartrukeetan parte-hartzeko aukerarik ez luketela izango.

Urtero EAEko astialdi taldeek ehunka udako ekintza ezberdin antolatzen dituzte. Jarduera hauek bereziak dira hainbat balio erantsi dutelako eta gure ikuspuntutik, guztien artean, borondatez lan egiten duten boluntario gazteek antolatzen dituztela azpimarratu nahi dugu. Argi dugu astialdia pertsonak hezteko eta gure gizartea hobetzeko tresna dela eta hor kokatzen dira beste balio erantsiak: Aisialdi hezitzailearen bitartez baloreak transmititzen dira, hala nola, parte-hartzea eta gizarte eraldaketa, euskal kulturaren ezagutza eta sustapena, aukera berdintasuna, kulturartekotasuna…

Ez dugu ahaztu behar astialdi-taldeak ez direla udako kontua bakarrik, hau iceberg-aren tontorra baino ez da! Urte osoan zehar boluntario gazteek jarduerak antolatzen dituzte auzo eta herrietan inplikatuz. Talde batzuen atzean federazioak daude; astialdi taldeak koordinatzen dituzten elkarteak dira.

Horietaz gain, arlo honetan, astialdiko eskolek ere paper garrantzitsua jokatzen dute. Hauek EAEko errealitateari egokitutako kalitatezko formakuntza ematen dute aipatutako jarduerak aurrera eramateko baliabide eta esperientziak eskainiz.

Astialdiko eragileok sinesten dugun horretan lan egiten dugu hezkuntza esparru oso aberatsa dela aldarrikatuz, ideia hau gizartean zehar zabalduz eta gure boluntarioek egiten duten lana eta esfortzuari garrantzia emanez.

Askotan ikusezina bihurtzen den esparru honi beharrezko bultzada emateko Astialdi Foroa sortu zen. 1997tik gaur egunera astialdian lan egiten duten eragile ezberdinak hilabetean behin biltzen dira astialdiaren erronken inguruan indarrak batzeko eta elkarrekin aurrera egiteko.

Informazioaren gizartetik haratago ikusten ez duten haur, gazte zein gurasoei, aisialdirako aukera ezberdinak daudela erakutsi nahi dizkiegu. Aisialdi hezitzailearen bitartez auzoko zein herriko errealitatean murgiltzeko aukera eskaini esperientzien bidezko ikaskuntzaren bitartez.

Astialdia guretzako jolasteaz gain, gauza gehiago ere bada, kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugu eta gizartea eraldatzeko lan egin ere!

Sarrera iruzkindu